Denda fisikoak indartsu online erosketen aurrean
- 19 may 2015
- 9 Min. de lectura
LABURPENA
Gaur egun Internet bidezko arroparen erosketak garrantzia handia hartu du gizartean. Hala eta guztiz ere, badago kopuru bat inoiz online erosten ez duena. Beraz, zeintzuk dira online arropa erostearen arrazoiak? Eta denda fisikoetan erostearenak? Ikerketa honetan galdera hauei erantzuteaz aparte sexuaren eta adinaren aldagaiak aztertuko ditugu Internet bidezko arroparen erosketetan; baita online erostearen maiztasuna ere. Etorkizuna al du Internet bidezko arropa erosketak?
Ikerketarako Euskal Herriko Unibertsitateko, Bizkaiko Komunikazioa eta Gizarte Zientziak fakultateko irakasleak eta ikasleak lagintzat hartu ditugu. Emaitzak lortzeko erabili dugun metodologia e-maila bidezko inkesta izan da. Google Drive plataformaren bitartez inkesta idatzi eta postaz, Whatsapp eta Facebooken bitartez zabaldu dugu.
Emaitzek erakutsi dute inkestatu gehienak gutxienez behin arropa online erosi dutela; horrez gain, emakumeak gizonak baino gehiago erosten dutela ikusi da. Kopuru txikiago batek online erosten ez duela erantzun du.
Internet bitartez erostearen arrazoi nagusia erosotasuna da. Eta online erosten ez dutenen arrazoi nagusia dendan arropa probatu ahal dela da. Baina, azkeneko datu batzuek erakusten dute nahiz eta online erosten duten jende kopurua altuagoa izan, hauek nahiago dute denda fisikoetan erosi.
Hala eta guztiz ere jende gehienak uste du Internet bidezko arropa erosketak etorkizun positiboa daukala. Datuekin konparatuz emaitzak eskasak dira, baina jendeak hala izango dela uste du.
SARRERA
Interneten online erosketak egiteko aukeraren sorrerak erosketen mundua eraldatu du. Gaur egun asko eta asko dira sortu diren webgune berriak eta honek infoxikazio fenomenoa eragin du. Informazio gehiegi dago online eta honek abantaila handiak dituen arren, badaude asko diren desabantailak ere. Hainbat orrialde eta informazio ezberdinen artean kontsumitzaile bati zail egiten zaio orrialde bat edo bestea aukeratzea , konfiantzazkoa zein den edo ez erabakitzea. hainbeste informazio egoteak egokiena zein den ez jakitea ekartzen du. Horrela, indibiduo bat arropak edo zapatak erosi nahi duenean, bere informazio pribatua jartzerako orduan, konfiantza falta ekarri ahal dio.
Hala ere, bestalde, gain-informazio hau egoteak abantailak ere ekartzen ditu. Interneteko posizionamendu tresnei esker kontsumitzaileak jakin dezake zeintzuk diren gehien erabiltzen diren web orrialdeak, bilaketak egiterakoan lehen postuan agertzen direlako. Beraz, indibiduo horrek badaki pertsona kopuru handi batek webgune hori erabili duela bere erosketak egiteko eta horrek konfiantza sor dezake.
IKERKETAREN HELBURUA
Helburu orokorra
Internet bidezko arropa erosketaren egoera aztertzen duen ikerketa da honako hau. Jakina da gaur egun gizarteko kopuru handi batek plataforma hau erabiltzen duela bere erosketak egiteko baina badago beste talde handi bat honi uko egiten diona. Ikerketa honetan muturreko bi talde hauen egoera eta honen zergatia aztertu nahi da.
Helburu zehatza
Online moda merkatuaren egoeraren estimazioa
Internet bidezko moda erosleen jarrera eta motibazioen azterketa
Denda fisiko eta onlinen arteko harremana aztertu
Internet bidez erosten ez dutenen zergatiak jakin
AURREKARIAK: INFORMAZIO ITURRIAK
ONLINE EROSKETEN MERKATUAREN EGOERA
eCommerce
Online erostearen sektoreari eCommerce deitzen zaio. Honek hainbat taldetan sailkatzen ditu erosketa motak: Ostatu arloa eta bidaiak, Auto eta Motor alokairuak, Osasuna eta Edertasuna, Moda eta Osagarriak, Haurrak eta Jostailuak eta Informatika eta Elektronika. Moda eta
osagarriei zuzendutako azpi-sektorea lehenengo postuan kokatzen da, ostatu arloa eta bidaien sektorearekin batera.

Grafiko honetan ikus dezakegu, 2014.urteko tendentziari jarraituz, Osasuna, Edertasuna eta Moda eta osagarrien sektoreak nagusitzen direla eCommerce merkatuan Espainia mailari dagokionez. Fakturazioari dagokionez Moda eta Osagarriak nagusitzen dira, Internet bidezko erosleen %65ak moda sektorean burutzen baitituzte beraien erosketak IABN informearen arabera. Honen ondorioz, online munduko salmenten sektore nagusi bilakatu da hegazkin eta tren ticket salmentei zuzendutako sektoreari tokia kenduz (%59) IABN informean adierazten den bezala.
Baina nahiz eta online bidezko erosketak modan egon, datuek erakusten dute oraindik gehiago direla online erosten ez dutenak erosten dutenak baino. Espainia mailan 4,2 milioi internautek azken urtean internet bidez arropak erosi izana onartzen du. Baina oraindik ez da gehiengoa.

Online erostearen arrazoiak
Gaur egun, mugikorren erabilera masiboari esker online erosketak asko hazi dira. Erosleen %17ak telefono mugikorra erabiltzen du online bidez arropak ikusteko eta %3,5ak erosi egiten du. Zeintzuk dira Internet bidezko arropa erostearen arrazoiak?

Grafiko honek erakusten du erosotasuna dela Internet bidezko erosketak egiteko arrazoi nagusia %65aren arabera. %47ak prezioaren arrazoia aipatzen du eta hirugarren postuan kokatzen dira Internet bidezko arropak erostearen arrazoia lasaitasuna eta arropak presa gabe erosteko aukera direla esaten dutenak (%39). Azken aurreko postuan, %21arekin, ilarak saihestearen arrazoia kokatzen da. Azken postuan kokatzen diren arrazoiak bestelakoak dira. Arrazoi hauek direla medio ikerketek erakutsi dute online bidezko erosketak egiten dituztenek offline erosketak egiterakoan baino gastu gehiago egiten direla.
Satisfazio-maila
Online egindako arropa erosketen inguruko satisfazio-maila altua da. Grafikoek erakusten dutenaren arabera, modako marken online bertsioan egindako erosketetan arazorik izan ez dutenen kopurua %71koa da, noizbait arazoak izan dituztenena %13koa eta askotan arazoak izan dituztenen kopurua soilik %1ak osatzen du. Erosketa Club edo Outlet orrialdeei dagokienez, arazorik izan ez dutenen kopurua berriz %68koa da, arazoak izan dituztenena %16koa eta askotan arazoak izan dituztenena hemen ere %1ekoa.

Aurreikuspenak
ey.com webguneak eginiko ikerketaren arabera, online bidezko salmentak handitu egingo dira eta batez bestekoa mantendu egingo da 2015.urtean.
eCommerce guztien %80ak baino gehiagok etorkizuna baikortasunez ikusten dute eta 2015.urtean zehar hazkunde bat egotea espero duten horien %50ak salmentak %10batean igoko direla ere ziurtatzen dute. Hazkunde hau online bidezko erosketez fidatzen diren bezero berriak agertzearen ondorioa izango da, oraindik bezero berrien hazkundea egoteko marjina baitago.

Internet erabiltzen duten horietatik, oraindik %44 batek ez du inoiz online erosketarik egin. Pertsonetan hitz eginda, 12 milioi nabigatzaile dira jada online bidezko erosketak egiten dituztenak baina oraindik badaude beste 15 milioi pertsona inoiz Internet bidez erosi ez
dutenak. Horregatik, hobetzeko, salmentak handitu eta Internet bidez erosiko duten kontsumitzaile berriak lortzeko marjina dago.
LAGINA
Gure hipotesien arabera Internet bidezko erosketetan adinak eragina du eta horregatik, ikerketa burutzeko, EHUko Leioako Campuseko Gizarte eta Komunikazio Fakultateko 18-65 urte bitarteko 46 pertsona hartu dira lagintzat, bai ikasle eta baita irakasleak ere. Pertsona hauek aldagai hauen arabera sailkatuak izan dira: sexua, adina, bizilekua, egoera akademikoa, Internet bidezko arropa erosketa joera duen jokaera eta honen arrazoiak.
METODOLOGIA
Ikerketa honetarako inkesta erabili dugu. Hau baliagarria izango zaigu emaitza kuantitatiboak zein kualitatiboak lortzeko. Interneten erosten dutenen zein erosten ez dutenen datuak (emaitza kuantitatiboak) lortzeko tresna egokia da, baita ere erostearen edo ez erostearen arrazoiak (emaitza kualitatiboak) jakiteko ere.
Laginari dagokionez ez-probabilistikoa da. Guk nahi izan ditugun pertsonei bidali diegu inkesta. Horrez gain, egokitasun inkesta bat da, erabiltzaileak aukeratuko du inkesta betetzen duen edo ez.
Egindako galderak itxiak dira. Inkestatuak aukera batzuk izango ditu eta horien artean aukeratu beharko du. Hala ere badaude irekiak diren bi galdera non inkestatuak nahi duena erantzuteko aukera izango du.
Inkestaren formatuari dagokionez, inkesta deskribatzailea prestatu dugu. Aldagai batzuk kontuan hartuta emaitza bat bilatzera joango gara.
IKERKETA BURUTZEN
INKESTAREN EGITURA
Hona hemen inkesta egiteko erabilitako formatuaren azalpena:
Internet bidez erosten eta erosten ez duten pertsonen bi talde nagusi horiek banatzeko lehenengo egin dugun aldera honakoa izan da “Internet bidez arropak erosten dituzu?”
Galdera honi emandako erantzunaren arabera, inkestatua galdera batzuetara edo besteetara bideratua izango da.
- Baiezkoa erantzun dutenak: Interneten arropa erosteko arrazoiengatik galdetu zaie, horretarako arrazoi zerrenda batean aukeratzeko eskatu zaie. Erabiltzen dituzten webguneengatik eta ordaintzeko erabilitako moduagatik baita. Eros maiztasuna ere faktore garrantzitsutzat hartu dugu eta honen inguruan ere galdetu zaie. Azkenik, online edo offline erostea nahiago duten galdetu diegu. Galdera honek maiztasunaren galderarekin zerikusia izango du, eta Internetek ematen duen konfiantza maila ikusiko da.
- Ezezkoa erantzun dutenak: Ezetz erantzun dutenei ere arrazoiak emateko eskatu zaie arrazoi zerrenda baten artean aukeraketa eginez.
Azkenik, guztiei, baiezkoei zein ezezkoei, online erosketen etorkizunaren inguruan ere galdetu zaie. Horrela gaur egungo emaitzak ikusteaz gain jakingo da jendearen iritziz Interneteko erosketen etorkizun hurbil bat daukaten edo ez.
INKESTA EGITEKO ERABILITAKO PLATAFORMA
Inkesta burutzeko erabili dugun plataforma Google Drive izan da. Honek abantaila asko eman dizkigu galderak sailkatzerako orduan. Horrela galdera nagusiari baietz erantzun duten horiek bide bat jarraitu dute inkestan eta ezezkoa erantzuten dutenek beste bide ezberdin bat.
Horrez gain pertsona kopuru handi bati modu oso azkar batean inkesta bidaltzeko aukera ematen duen plataforma da. Google Drivetik nahi den pertsona kopuruari inkesta beraien emailetara bidaltzeko aukera dago.
Whatsapp plataforma ere oso erabilgarria izan da erantzun kopuru handiago bat lortzeko. Inkesta egiteko linka kontaktuei bidaltzearen bidez erantzunak modu azkar batean jaso ahal izan dira.
INKESTAREN EMAITZAK AZTERTZEN
46 pertsonako lagina hartu dugu ikerketa hau egiteko. Inkesta horien barruan 31 emakume eta 15 gizon daude. 42 ikasle eta 4 irakasle.
OROKORREAN
Hartutako laginetik 27 pertsona dira internet bidezko arropa erosketak burutze dituztenak eta 19k ez dituzten arropa erosketak online egiten. Online erosketak egiten dituztenen artean, hau egiteko arrazoi nagusia erosotasuna da, hala ere eskaintzei ere garrantzia ematen zaie Internet bidez saltzen diren arropak batzuetan merkeagoak direlako eta eskaintzak ere lor daitezkeelako. Online bidez erosten ez dutenen arrazoi nagusia, arropa dendan probatzea nahiago dutelako da.
Datuak aztertzen joango gara ondorio batzuetara heldu ahal izateko. Bi kategoriatan banatuko ditugu inkesta hauen emaitzak: online erosten dutenak eta online erosten ez dutenak hain zuzen.
PUNTUZ PUNTU
Online erosten dutenak
Internet bidez erosten dutenak gehiago dira emakumeak gizonak baino. Inkesta honi 32 emakumek eta 15 gizonek erantzun diote. Erantzuna eman duten 31 emakume horien artean %62ak online erosten duela onartu du. Gizonezkoei dagokienez, 15 gizonek erantzun dute gure inkesta eta horietatik 8k (%53,3) online erosketak egiten dituztela onartu dute, aitzitik inoiz online erosi ez dutenak 7 dira, %46,6a hain zuzen.

Estrapolazio bat eginez gero, Interneten erosten duten 27 pertsonetatik 19 emakumeak dira. Beraz unibertsitatean dauden 1.332 emakumeetatik 937k Interneten erosten dutela esan dezakegu. Gizonezkoen kasuan, online erosten duten 27 pertsonetatik 8 gizonezkoak dira. Beraz, unibertsitatean dauden 1.008 gizonetatik 298 Interneten erosten dutela esan dezakegu. Ondorioz, fakultate osoko %70,34 emakumek eta %29,56 gizonek online erosten dute.
Adina
Adinari erreparatzen badiogu, gure inkesta erantzun duten horien artean, 18-25 urte bitarte dituzten 24 pertsonek Internet bidez erosten dutela onartzen dute. 26-34 urte bitartekoei dagokienez 2 pertsonek eta azkenik, 35-40 urte bitarteko adin tarteari dagokionez soilik pertsona batek erantzun du baiezkoa.
Maiztasuna
Maiztasunari dagokionez, ahulgune bat agertu zaigu Internet bidezko erosketetan. Online erosten duten pertsonen artean gehiago dira gutxi erosten dutenak. Plataforma honen bitartez
erosten duten 27 pertsonetatik %44ak (12 pertsonak) Internet bidez gutxi erosten duela erantzun du. Gutxi dira askotan erosten dutela adierazi duten pertsonak, %15a hain zuzen.

Estrapolazio bat eginez gero, fakultatean dauden 2.340 pertsonetatik 1040k (%44,4) gutxitan erosten dutela esan dezakegu. Batzuetan erosten dutenak 1035 pertsona (%44,2) dira. Eta askotan erosten dutenak aldiz 346 (%14,7).
Internetaren erabilpena benetan handia edo txikia den jakiteko azkeneko galdera bat egin diegu online erosten dutenei: ea nahiago duten Interneten erostea edo denda fisikoetan erostea. Emaitzek erakutsi dute online erostea ez dela oso ohikoa, izan ere online erosten duten 27 pertsonetatik 22k nahiago dute dendan erostea.

Estrapolazio bat eginez gero, esan dezakegu fakultate osoko 2340 pertsonetatik 1907k (%81,5) nahiago dutela dendara erosten joatea. Beste 433 pertsonek (%18,5) aldiz, Internet nahiago dute erosketarako modu bezala.
Arrazoiak
Interneten bidez erostearen arrazoi nagusia erosotasuna da. Inkesta erantzun dutenen eta online erosten dutela erantzun dutenen %29,62ak erosotasunagatik erosten duela aitortu du. Eskaintzak ere arrazoi garrantzitsua dira online erosterako orduan; %25,92ak eskaintzengatik erosten duela erantzun du.
Bukatzeko, aipatu beharra dago baiezkoa erantzun duten horiek VISA erabiltzen dutela beraien Interneteko erosketak ordaintzerako orduan, honi atzetik jarraitzen dion ordaintzeko teknika PayPal bidezkoa delarik.
Online erosten ez dutenak
Lehen esan bezala, inkesta honi 32 emakumek eta 15 gizonek erantzun diote. Gizonezkoei dagokienez, inoiz online erosi ez dutenak 7 dira, %46,6a hain zuzen. Emakumeei dagokienez aldiz %38,7a dira inoiz online erosi ez dutela adierazi dutenak.

Arrazoiak
Interneten bidez ez erostearen arrazoi nagusia jendeak arropa probatzea nahiago duenaren argudioa izan da.Online erosten ez dutela erantzun dutenen artean 12k arrazoi horrengatik erosten ez dutela erantzun dute. Plataforma honen bitartez ez erostearen beste arrazoi bat bakoitzaren datuak Interneten egotea ez dutela nahi da.
Online erosten ez dutenak:
Arropa probatzea nahiago dudalako: 12
Ez dudalako nahi nire datuak online egoterik: 5
Produktuak ez direlako ematen dutena: 1
Erostean arazoak izan ditudalako: 1
Adina
Ezezko erantzunei erreparatuz, 18-25 urte bitarte dituzten eta gure inkesta erantzun duten 17 dira online inoiz erosi ez dutenak. 26-34 urte bitarteko pertsonetan bakarra izan da Internet bidez inoiz erosi ez duela erantzun duena eta berdina gertatu 35-40 urte bitarteko adin tarteko pertsonetan.
EMAITZA
Inkestatu ditugun pertsonen erdia baino gehiagok online erosten dute, hots, inkestatu ditugun 46 pertsonetatik 27-k Internet bidez erosten dute. Hala ere, pertsona guztiek ez dute maiztasun berdinarekin erosten, jende gehienak naiz eta Internet bidez erosi, oso gutxitan erosten du (%44) edo batzuetan (%40,7). Online asko erosten dutenen koputua oso txikia da, %14,8a soilik.
Modu berean, online erosten dutenen artean beste bi aldagai berezitu ditugu: nahiago dutenak dendan erostea eta nahiago dutenak online erostea. Izan ere, Interneten bidez erosteak ez du esan nahi Internet bidez erostea nahiago dutela dendara joan eta bertan erostea baino. Hori da hain zuzen inkesta egin ondoren ikusi duguna, hau da, online erosten duen jende gehienak nahiago duela dendan erosi (%81,48) online bidez baino (%18,51) baino.
Are gehiago, Interneten bidez erosten duten 27 pertsona inkestatu horiek arrazoi ezberdinengatik egiten dute. Horietako zortzik erosoago egiten zaielako erosten dute online, zazpik eskaintzak aurkitzen dituztelako, bostek nahi dutena errazago aurkitzen dutelako eta hiruk denbora aurrezten dutelako Interneten bidez erosten dutenean.
Internet bidez erosten duten kopuru hauen artean emakumezkoak gizonezkoen artean nahiko nabarmentzen dira, hau da, neska gehiagok erosten dute online mutilek baino. Hala ere, esan beharra daukagu, emakume gehiago inkestatuak izan direla gizonezkoak baino.
Bestalde, online erosten ez dutenen kopurua ere nahiko garaia da, inkestatu ditugunen erdiek Internet bidez erosten duten arren, 46tik 19 dira erosten ez dutenak eta hori zifra esanguratsua da, %41,4a hain zuzen.
ONDORIOAK
Interneten bidez erostea modan jarritako zerbait dela antzeman da. Jende gehienek erosoago ikusten du online erostea; izan ere edozein lekutik eta edozein ordutan egin dezakezu. Hori dela eta gure inkestatuen kopuru handienak online erosten dutela erantzun du.
Beste faktore batzuek erakusten dute Internet bitartez erostea ez dela guztiz modan dagoen zerbait. Izan ere online erosten duten horietako askok dendan erostea nahiago dutela adierazi
dute beraz oraingoz dendek indartsu jarraitzen dute Internetek zapaldu gabe eta jendeak arropa probatzeari garrantzia ematen jarraitzen dio.
Horrez gain, nahiz eta online erosten ez dutela erantzun dutenen kopuru murritza izan, badaude kontuan hartu beharko litezkeen faktoreak ere. Jende askok ez du online erosten bere datuak bertan utzi nahi ez dituztelako. Beraz, hau aldatu behar den faktore bat da Internet bidezko arropen salerosketa kopurua hazi nahi bada, beste sistema fidagarriago bat asmatu beharko litzateke edo erosketa horiek fidagarriak direnaren ideia zabaldu.
Bukatzeko, Internet erosketen etorkizunaren inguruan egindako galderaren erantzunak positiboak izan dira. Ez da ezezko erantzunik egon, %80,43ak baiezkoa erantzun du eta %19,5ak “Agian” aukeratu du.
ARAZOAK ETA MUGAPENAK
Inkesta hau gauzatzerako orduan izan dugun arazo nagusia jende kopuruarena izan da. Irakasle, gizon eta emakumeen aldagaiak erabili ditugu ikerketa hau garatzeko eta arazoa da soilik 4 irakaslek erantzun dutela eta erantzun duten neskak gehiago izan direla mutilak baino.
Ondorioz ezinezkoa egin zaigu datu zehatz zehatzak lortzea, izan ere, mail asko bidali arren ezin da erantzungo duten edo ez ziurtatu.
Horregatik kasu batzuetan emaitzak estrapolatu egin behar izan dira eta hori da funtsean gure lanak izan duen ahulgunea, kasu batzuetan ezinezkoa egin zaigula inkestako erantzunetan oinarritutako datu zehatzak lortzea.
Inkesta: https://docs.google.com/forms/d/1XWENbTbqUoA7EnNN9MsdSLEeg-a2HeAezWuWBLpzZPE/viewform?usp=send_form

Comentarios